Eskubide zibilen aldeko mugimendua esamoldeak, historikoki, 1954tik 1980ra bitarteko gutxi gorabeherako aldian mundu osoan garatutako gizarte-jardueren multzo zabal bati egiten dio erreferentzia. Jarduera horiek oinarrizko eskubide zibil jakin batzuk eskatzera eta sustatzera bideratu ziren, batez ere, herritar guztiek legearen aurrean duten berdintasunarena.
Prozesuak ezarritako boterearen aurrean herri matxinada kasu ugari agertzea eragin zuen. Prozesua luzea, konplexua eta gatazkatsua izan zen hainbat herrialdetan, eta lortutako emaitzak ezberdinak izan ziren. Eskubide zibilen aldeko mugimenduaren adierazpen ezagunena, eta askotan horren sinonimo gisa erabiltzen dena, beltzen eta zurien arteko berdintasuna eskatzeko eta eskuratzeko prozesua izan zen Ameriketako Estatu Batuetan.[1][2] Baina ez zen bakarra izan. Eskubide zibilen aldeko beste mugimendu sozial askoren helburu nagusia pertsona guztien eskubideak legeak berdin babestea eta bermatzea zen. Horien artean daude gutxiengoen eskubideak, emakumeen eskubideak, ezgaituen eskubideak, LGBT eskubideak. Euskal Herrian ere horrelako mugimenduak ezagutu dira.[3]